5.4. Familiaren arloan eragina daukaten beste xedapen batzuk
Familiei laguntzeko euskal legea familien premia berriei erantzuten dieten eta legezko xedapenetako batzuk zehazten dituzten zenbait arautegiren bidez garatu da, bereziki seme-alabengatiko laguntzen eta lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko laguntzen esparruan. Arau-garapen horiek jarraitutasuna eman diote Eusko Jaurlaritzak lege horren aurretik hasi zuen arauzko esku-hartze bati, bereziki seme-alabak dituzten familiei laguntza ekonomikoa emateko eta bateratzen laguntzeko aipatutako laguntzei dagokienez. Jarraian, neurri horiek arautzen dituzten araudiak agerian jarriko ditugu, esku-hartzeko irizpide materialean arreta jarriz, aintzat hartu gabe arau horietako bat familiei laguntzeko euskal legea baino lehen aldarrikatu den ala ez. Azpimarragarrienen artean honakoak nabarmendu daitezke:
Lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko laguntzak:
Lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko 177/2010 Dekretua
Ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoak, berariaz onartu du familiek lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko premia daukatela, eta aurreko kapituluan aztertu ditugun gizarte-aldaketako elementu askorekin (dekretua “gizartearen eta lan-munduaren aldaketez” ari da) bat dator.
Hain zuzen ere, dekretuak Eusko Jaurlaritzak bateratzea errazteko daukan beharrezko eginkizuna gain hartzen du, eta familietan dauden rolen banaketari ez ezik enpresen ekoizpen-ereduei ere eragin behar dien kultura-aldaketa batean aurrena izan da.
Era berean, bateratzea gizonen eta emakumeen erantzukizun partekatuko elementu gisa sustatzeaz gain, osasun-egoera oso larrian dauden pertsonak ere sartu ditu bateratzean. Hortaz, bateratzearekin lotzen den haurren esparrua gainditu eta beste talde batzuek familian daukaten eragina onartu du, txosten honetan egitea erabaki den moduan.
Helburu horiek seme-alabak eta/edo mendetasun-egoeran edo osasun-egoera larrian dauden senideak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa eskatu duten langileentzako laguntzen eskaintzaren bidez bideratu dira. Halaber, eszedentzia edo lanaldi-murrizketa (arestian aipatutako kasuetan) eskatu duten langileak ordezkatzeko laguntzak eta seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak eskaini dira.
“Gehien balioesten dugun indargunea da antzeman dugula azken urteotan lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeari lotutako hobekuntzak egon direla. Zentzu horretan, garrantzitsua da arautzen duen araudia betetzen dela bermatzeko lan egiten jarraitzea”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Seme-alaben jaiotzagatiko edo adopzioagatiko laguntzak:
Seme-alaben jaiotzengatiko laguntzei buruzko 255/2006 Dekretua
Abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena, familiei laguntza publikoa ematen dien tresnetako bat da eta politika publikoak pixkanaka gizartearen bilakaerara egokitzen ari direla erakusten du.
Dekretu horrek hiru laguntza-mota arautzen ditu (ardurapeko seme eta/edo alabagatiko, erditze, adopzio nazional anizkoitz eta nazioarteko adopzioagatiko laguntzak), eta familiari buruz aurrekoetan erabilitakoak baino ikuspegi malguago bat dauka. Izan ere, familia-unitatearen zein aita eta ama kontzeptuen definizio zabalago bat xedatu du, egitate biologiko soilari baino gehiago dagozkien eginkizunei lotuta baitago. Gainera, familia-unitatearen barruan bizi diren adingabe guztiei tratamendu berbera eman die, eskatzailearekin daukaten harremana zein den ere, seme-alabatasunekoa, biologikoa edo adopziozkoa nahiz adoptatu baino lehen familian harrera egitearen ondoriozkoa.
“Oso era positiboan baloratu dugu jaiotzagatiko laguntzetan hartutako edo adoptatutako seme-alabak barne hartzea. Araudiak guraso izateko hainbat modu xedatu ditu. Hau da, familia adopziogileak biologikoekin parekatuta daude, tutoretzapean adingabeak dituzten pertsonak bezala”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Gizarte-partaidetzarako, kontsultarako eta familiaren arloko politikei jarraipena egiteko tresnen antolaketa:
Familia Euskal Kontseiluaren 53/2012 Dekretua
Familia Euskal Kontseiluaren apirilaren 17ko 53/2012 Dekretuaren bidez, kontseilu hori eratu da, batez ere organo aholku-emaile gisa (proposamenak hartu eta entzun ere egiten dituen arren) eta familia-eremuko gizarte-agenteek familiei eragiten dieten politika publikoen diseinuan duten parte-hartzea eta lankidetza bideratzeko gune gisa. Gune horretan Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek daukate ordezkapena, lau bideren bitartez: Osoko Bilkura, Familiaren Sail arteko Batzordea, Familiaren Erakunde arteko Bilkura eta Familiaren Batzorde Iraunkorra.
Mota horretako tresnak EAEko gizarte-politiken euskal ereduaren ezaugarri bereizgarriak dira, bertan sozietate zibilaren presentzia nabarmena baita eta jarduera garrantzitsua baitauka bai proposamenei dagokienez baita kudeaketa zuzenari dagokionez ere.
Hala ere, baliteke azken urteotan ezaugarri hori desagertzen ari izatea, txosten honetarako landa-lanean hirugarren sektoreko erakundeek erakutsitakoaren arabera. Izan ere, erakunde horiek haien presentzia txikiagotzen ari dela uste dute, bereziki erabaki garrantzitsuak hartzeko kontsultari eta haien jarduera babesteko bide ekonomikoei dagokienez.
“Elkarteek jasotako laguntzek, erakundeekin adostuta ez badaude, ziurgabetasun-maila altua daukate”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Familien Euskal Behatokia sortu eta arautzen duen 309/2010 Dekretua
Arestian aipatutakoarekin bat eginez, Familien Euskal Behatokia sortu eta arautzen duen azaroaren 23ko 309/2010 Dekretuaren hasierako adierazpenak ere familietan eragina izan duten gizarte-aldaketa asko aipatu ditu, eta horren ondorioz onartu du erakunde publikoek familien eremuko esku-hartzea zabaldu eta sakondu behar dutela.
Horretarako, behatokiaren eginkizuna EAEn familiaren errealitatea, egoera eta problematika etengabe aztertzea da, baita Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearen aplikazioan garaturiko politiken inpaktua aztertzea ere, horiek berrikusi eta gaur egun familia-mota guztien premiek, ikusi dugunez, daukaten etengabeko bilakaerara egokitu ahal izateko.
Familia-errentak zenbatzeko parametro komunen eta haztatuen sorrera:
Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko 154/2012 Dekretua
154/2012 Dekretuak Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearen xedapen bat bete du, alegia, familiei laguntzeko politika publikoen eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistema bat ezartzeko beharrari buruzkoa.
Hala ere, familiei arreta emateko euskal esparrua eskuarki sistema unibertsal bat ez denez, Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearen lege-garapenak bereziki ahultasun handieneko egoeran dauden familientzako babesean eta arretan sakondu du.
Bertan, familia-unitateari dagokion baliokidetasun-koefiziente baten bidez, familia-errenta estandarizatzeko sistema bat ezarri da, hain zuzen ere, familia-egoera eta –mota guztiak ekitatez tratatu ahal izateko. Sistema horiek familientzako diru-laguntzetan edo familiei laguntzeko zerbitzuetan aplikatzekoak dira (adibidez, jaiotzen, adopzioaren, harreraren eta lanbidea eta familiako bizitza bateratzearen arloan), baldin eta familia-unitatearen maila ekonomikoa laguntza edo zerbitzu horietara iristeko baldintza bada edo prestazio horren zenbatekoa zehazteko irizpidea bada. Izan ere, diru-sarreren maila berbera duten baina osaera desberdina duten familia-unitateek ez dute izaten gaitasun ekonomiko berbera.